Pobre eta Umil Eliz Bokazioan,
Itxaropen Profezia

“Nor bidaliko dut? Nor izango dugu mandatari? Nik erantzun nuen: ‘Prest nauzu, bidali neu’” (Is 6, 8). Fededunak gara, salbamen premia larrian eta errukizko erraian piztu gaituen misterioaren egile. Fedeak Espiritu Santuan gantzutzen gaitu, eta den guztiaren potentzialitatearen zabaltzea egiten gaitu. Arazo eta ahalbide historikoen barnean esku-hartze eta arnas profetikoa gara. “Prest nauzu”. Gaur egunekoan kokatzen gara, eta gaur egunekoak errealitatera bidaltzen gaitu gero eta kontzientzia kritikoago eta sortzaileagoarekin. Ebanjelizatuak izan garen horretan ebanjelizatuko dugu. Ebanjelizazioa gure izatea da. Horrexetarako sortu gara historian, pertsonak, egoerak, erakundeak, gizarte osoa grazia eta ontasunean pizteko borondateaz, guztia sustengatzen eta “justizia handia, maitasunarena, biziko den zeru berri baten eta lur berri baten” sorkuntzarantz bultzatzen duen grazia eta ontasunean.

“Eta Hitza gizon egin zen eta gure artean jarri bizitzen.” Jaitsiz ebanjelizatzen dugu, pertsona, errealitate eta herrien misterioaren hauskortasun eta sakontasunean gorpuzten garela. “Ikusi dugu haren Jainko-aintza, Aitarengandik maitasun eta egiaz betea datorren Seme bakarrari dagokion aintza.” Semearen igorpenera erakarriak gara, doakotasun, maitasun eta egian, haragi umildu eta intziri-egilera etortzen ari den horiengan. Jainkoaren misterioa jarraitzen dugu, haren emate osoan bai gizonari bai emakumeari, baita kreazio osoari ere. Hainbat arazok, gatazkak eta askapen eta zentzu bilaketarako grinak erraietan erasanak garela, ebanjelioan piztuak gara. Ekintza, jakintza eta indar bizi sortzailea. Ibilbide historikoa zein Espiritua itxuratzen ari zaizkigun potentzialtasunean, premiatuak gara pertsona, egoera eta errealitate bakoitzaren hondoan diz-diz ari den bizitzari eta itxaropen ernamuinari adore ematera.

Lana, lanbidea, existentzialitatea, ebanjelizazio-premia zaigu, inplikazioz eta garen eta dugun guztia doan emateagatik. Esparru ezberdinak, gizartea eta historia zeharkatu nahi ditugu, errealitate bakoitzak ezkutatzen dituen grazia eta misterioa neurrigabetasunean piztuz. Ebanjelioa izateko askatasunak pertsona bakoitzaren santutasun, intimitate eta askatasunarekiko sentsibilitate gero eta handiagoan lantzen gaitu, haren etorkizuneranzko energia proiektatzaile eta haren singulartasunarekiko harrera adoratzailean. Behin betiko agerkundeak, zigilatuak izan garen horrek, hautabide ezberdin anitz sortzen dituen errealitate batean sinestarazten digu. “Guztiok hartu dugu haren betearen betetik.” Semearen misterioak jatorria ekartzen digula, Aitak Espiritu kreatzaile egiten gaitu, ebanjelio historian bizidun, behin betiko salbamenaz agerkunde grinetan pizten gaituen profezia.

“Gure kontra ez dagoena gure alde dago” (Mk 9, 40). Guretzat, ebanjelizatzeko agindua dohainetik dator, existitzen den guztitik. Graziak misterioaren ezagutzan lantzen gaitu, historian bat-batean sartu eta, zentzu eta azkentasun bila, esperientzia anitzen aberastasunetik jokatzen duen misterioaren ezagutzan. Kristo Jesusen pertsonan gertatu den misterio santuaren agerkunde behin betikoan, Espirituak beste milia bat ibiltzera erakartzen gaitu; pertsona, erlijio, kulturetan eragiten ari den erreinuaren presentzian barrena sartzera; haiengatik ari baikara sortzen bizitzako oraina eta etorkizuna, adiskidetze eta komunio betierekoa. Ezberdina den horretan hedatzen da errealitatea, hautabidez eta intimoaren eta betierekoaren grinaz ernai. Fededun alternatiba mesianikoa izateko askatasunak entzule izatera bideratzen gaitu, historiaren sormen eskuzabalean, pluraltasun eta aberastasun singularrean, berri, benetako eta santu den guztiaren entzule. Existitzen den ororen doakotasunean eta bizi dinamikotasunean sinesten dugu. Errealitatearekiko komunioaren eta interakzio arduratsuaren alde egiten dugu, betetasun eta elkarrizketa alteritate-sortzailerako irrikan.

Eliz bokazioz existitzen gara, erreinuaren ebanjelioa iragartzen, gauzatzen; eklesialitate bat, ebanjelizazio eta itxaropen-prestatze ekintzan; adiskidetze, barkamen eta komunio zeinu apaletan. “Jakinduriak –jarduera anitzekoa, mugikorra, sarkorra–” (Jkd 7, 22ss) erreinua ezagutarazi, gozarazi eta sustarazten digu, han ari baita Espiritua kreazio osoa pizten, pertsona bakoitzaren historia eta misterioa pizten.