Pobre eta Umil Eliz Bokazioan,
Itxaropen Profezia

Komunitateak gure dinamismo ebanjelizatzailea gorpuzten du pertsonen, familien eta interakzio eta harreman sortuberrien ekimen eta sormenean. “Ikusi eta entzun duguna dizuegu zuei ere iragartzen, zuek ere gurekin elkartasunean bizi zaitezten. Eta gure elkartasuna Aitarekin eta honen seme Jesus Kristorekin da. Eta gauzok idatzi, gure poza bete-betea izan dadin idazten ditugu.” (1Jn 1, 3-4). Bizitza beraren eta Aita eta Semearen komunioak ematen duen pozetik sortzen gara, Espirituaren dohainean, horrek egiten baikaitu ebanjelio, Elizaren misterioaren oparotasuna. Gure ebanjelizazioak hurbilarekiko harreman-gaitasuna, eta garen eta egiten dugun guztia ematea izan nahi du. Ebanjelizatzea izango da, beraz, gure pertsonak, lekuak, denbora eta izatea eskuzabal partekatzea.

Doakotasun kontzientzia gero eta handiagoan, gure pertsonen ibilbide eta prozesuen bitartez ebanjelizatzen dugu. “Guztiengana ahalik eta gehien egokitzen saiatu naiz, nolabait batzuen batzuk salbatzeko. Eta guztia berri onagatik egiten dut, berri on horretan neuk ere parte izan dezadan.” (1Ko 9, 22-23). Geure burua eskainiz, gardentasunez eta garen guztia komunikatuz. Eliza izatea helburu eta eskaintza lan izango da, erredentzio eta misio, interakzio eta inplikatze askatzailean. Eklesialitatea historizitatea da, haragitze eta ausardia komuniotik, haragiaren oinaze eta itxaropenetatik.

Komunitate hauetako bakoitza –eta haietatik, pertsonak beren singulartasun fededun gizatiarrean– ebanjelizatze leku jatorrizkoa da, dinamikak partekatuz eta Elizaren izate eta egitean gero eta esku hartze handiagoan. Komunitate bakoitzak ebanjelizazio mugimendu bat sortzen du bere barnean, banakako prozesu eta aurkikuntzen bitartez. Dinamismo eta grina barnekoen eta erabatekoetan lagun egiteak, inplikatzeak eta komunio sakona izateak giza mugimendu eklesiala bihurtzen gaitu. Asteroko edo hileroko topaketak; barneratze, gogoeta eta elkarrizketa jardunaldiak; horiek dira gure ebanjelizazio ibilbidearen zedarriak. Barnetasun fededuna existentziatik eta hitzetik lantzeak bereizmen bihurtzen gaitu, eta errealitatera etengabe jaistera behartzen gaitu.